Adimen Emozionala

Daniel Golemanek zabaldu eta ospetsu egin zuen kontzeptua, baina lehenago beste 2 psikologo estatubatuar definitua zuten:

 “Norbere eta besteen emozioak ezagutu, erabili, ulertu eta erregulatzeko gaitasuna da Adimen Emozionala” 

Salovey eta Mayer (1990)

 Adimen Emozionala (A.E.) pertsona baten jokaeran eragin zuzena du, bere harremanak bideratzen ditu eta emaitza onak jasotzeko erabaki egokiak hartzen laguntzen du.

Hainbat ikerketek, A.E. garatua duen pertsona batek, bere inguruko munduan hobeto aritzeko hornitua dagoela eta bizitza betea izateko aukera handiagoak dituela adierazten dute.

Iraganean, Adimen Kozienteari ematen zitzaion garrantzi guztia, eta honek, adimen logiko-matematikoari eta hizkuntzari begiratzen zion soilik. Denborarekin, beste adimen batzuk ere baditugula agerian geratu da.

Howard Gardner-ek “Adimen Anitzen Teorema” atera zuen 1983an. Bertan, gizaki guztiok 8 adimen ezberdin ditugula gure baitan azpimarratzen du (batzutan nabarmenagoak izango ditugu) eta bata ez dela bestea baino garrantzitsuagoa ere. Iraganean, Stephen Hawking Leo Messi baino adimentsuagoa dela esan genezakeen, baina Gardner-en teorema ikusita, biak adimentsuak direla badakigu; hori bai. adimen-mota ezberdinetan; bata logiko-matematikoan nabarmentze da eta bestea Gorputz-Kinestesikoan.

8 adimen mota horien artean, bi daude A.E.-rekin zerikusia dutenak: Adimen Intrapertsonala eta Adimen Interpertsonala, alegia. Aurrenekoa, norberaren barne mundua ulertzeko eta kontrolatzeko gaitasuna da eta bigarrena besteekin enpatizatzeko eta ulertzeko gaitasuna da.

Adimen Emozionalaren 5 ezaugarri:

1.- Auto-kontzientzia emozionala: norberaren emozioak antzematea

Norberaren emozioak hauteman eta izena eman ahal izatea. Gainerako ezaugarri emozional gehienak honengan oinarritzen dira.

2.- Auto-erregulazioa: norberaren emozioak maneiatzen jakitea

Ezin ditugu gure emozioak hautatu, baina gure esku dago gure erreakzio emozionalak nola bideratu era positibo eta eraginkor batean.

 3.- Auto-motibazioa:

Iraunkortasuna, ikasten gozatu, norberarengan konfiantza izan eta porrotei aurre egitea bezalako ezaugarriak behar dira emaitza onak lortu nahi badira.

4.- Enpatia: gainerakoen lekuan jartzen jakitea

Komunikazio emozionalaren % 90 hitzik gabe egiten da. Enpatiak, emozioak onartzen, arretaz entzuten eta hitzez adierazi ez diren pentsamendu eta sentimenduak ulertzen laguntzen du.

5.-Gaitasun sozialak: Harreman sozialak sortzea

Beste pertsona batzuekin harremanak izatea, besteak beste, harremanak sortu eta lantzeko dugun gaitasunaren menpe dago; gatazkak antzeman eta konpontzeko gaitasuna; tonu egokia aurkitzekoa; eta hizketakidearen gogo-aldartea antzematekoa.

 Nundik hasi gaitezke? Emozioak ezagutzen, lehenbizi. Gure gizartean, urteetan, emozioei buruz ez da ia ezer hitz egin eta “analfabeto” xamarrak gara gai honetan. Beraz, har dezagun eskura ditugun tresnak (adibidez Emoziotegia) eta has gaitezen gure emozioak identifikatzen, izena jartzen eta naturaltasunez hitz egiten. Heldu bezala lanketa hori egiten badugu, errezagoa egingo zaigu gure seme/alabekin benetako komunikazio bat lantzea eta era berean, eredu izango gara.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*