Guraso perfektuak?

Badira urte batzuk Nerea Mendizabal hitzaldi batean ezagutu nuela eta azken 3 urteotan hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dut. Atzo Guraso Eskola izan genuen berarekin Zarautzen, hilero legez.

Saioak kriston energia positiboarekin bukatzen ditudala aitortu behar dut. Gauza pila ikasten ditut bere eskutik eta oraingoan bat azpimarratu nahiko nuke:

Ama bezala nere burua hain gogor ez epaitzen.

Nereak dioen bezala, momentu bakoitzean, dituzun tresna, gogo-aldarte eta egoerarekin, dakizun eta ahal duzun ondoen egiten duzu. Eta hau onartzea, barneratzea, funtsezkoa iruditzen zait. Batez ere gure gizarte honetan, non emakumeok bereziki, gure burua errukirik gabe epaitzen dugun etengabe, beti ere perfekzioaren bila gabiltza eta.

Egun osoko hausnarketa egiten dugunean, afarian semeari zakar hitz egin diogulako, errudun sentitzeko joera dugu, egunean zehar berarekin izan ditugun jarrera goxoak balorean jarri gabe. Eta ama bezala baloratzeko, gure burua afariko momentu horretara mugatzen dugu. Ez gaitezen hain zorrotzak izan eta praktika dezagun autoenpatia gehiago.

Ama/aita perfektuak ez dira existitzen, gizaki perfektuak existitzen ez diren bezala; baina, enfoke sistemikoaren harira, nik zera esango nuke:

Gure seme-alabek, behar dituzten gurasoak dituzte.

Horrek ez du esan nahi dena perfektu egingo dugunik, baina beti dakigun eta ahal dugun ondoen arituko gara beraiekin, nahiz eta askotan hanka sartu.

Eskerrik asko Nerea beti ere errespetu, goxotasun, enpatia eta profesionaltasun horrekin aritzeagatik. Lujo bat da zurekin eta taldeko partaide bakoitzarekin saio hauek konpartitzea!!!

Atzoko saioan ama batek zioen bere alabari Guraso Eskola zer den azaltzeko, zera esan ziola: “ama izaten ikastera noa”. Umiltasun horretatik, gure seme-alaben aurrean gure amatasun/aitatasun jardunean hobetzeko grina dugula erakustea, eredu ezin hobea dela deritzot.

Arestian esan bezala, gure seme-alabek behar dituzten gurasoak gara, baina horrek ez du esan nahi egonean geratu behar dugunik, ezta gutxiago ere! Gustatzen ez zaizkigun jokabideak hobetzeko bidean gaude eta horrekin geratzen naiz.

 

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*