Heriotza

Heriotzari buruz hitz egitea oraindik ere tabua da gure gizartean. Jende askok ihes egiten du gaia ateratzen den bakoitzean. Aipatze hutsarekin heriotza erakartzearen beldur ote??

Atzo saio polita izan genuen “Hil arte… bizi” zikloaren bigarren jardunaldian Salbatore Mitxelena ikastolan. Iñaki Peñari esker, “Monsieur Lazhar” filma ikusteko aukera izan genduan eta egia esan pelikula borobila, hunkigarria, fiña, ñabardura eta gai askorekin (ez soilik heriotza eta dolu-prozesua). Guztiz gomendagarria.

Ondoren, solasaldi interesagarria izan genduan gerturatu zen jendearen parte-hartze biziari esker. Eta bertako batek aipatzen zuen modura, “horrelako guneak izatea eskertzen da, ezin bait da edozein lekutan heriotzaz lasai eta naturaltasunez hitz egin”.

Gogoeta bat sortarazten zait horrelakoetan:

Gertuko heriotza bat bizi izan ez duenaren aurrean, normala iruditzen zait gai honekiko jarrera ukatzekoa edo alde egitekoa izatea. Hein batean, gutxienez.

Baina gertuko pertsonen heriotzak bizi dituzten horiengan jartzen dut arreta: nola da posible heriotzaz hitz egiteko beldur edo fobia hori?

Maite duzun pertsona bat hiltzen zaizunean, pertsona horri buruz hitz egiteko, presente egiteko beharra ez al da denongan ematen?

Pertsona batzuk galdetzeari beldur direla diote, “gertatukoa gogoraraziko diot eta mindu egingo dut”

Alde batetik, atzo Iñakik zioen bezala, “bihotzetik hurbiltzen bazara, ez diozu minik egingo”.

Eta bestetik, ez al dira konturatzen maite duzun hori egunero, momenturo zure buruan eta bihotzean daramazula?? Inork ez badizu ezer aipatzen, juxtu kontrako efektua lortzen duzu. Hil den pertsona hori ez dela inoiz bizi edo beretaz gogoratzen ez zarela pentsa dezakezu; eta ba al dago gauza gogorragorik hitz fisikoa eta gero, inguruko jendeak pertsona hori ahaztea baino?

Neri bi erantzun datorzkit jokaera hauekin:

1.- Beraien dolu prozesuak ez dituzte ondo landuak. Dolua egitea oso garrantzitsua da, esperientzia benetan gogorra baina era berean ahalduntsua eta eraldatzailea.

2.- Sentimenduak eta emozioak behin eta berriz baztertzen direla. Gure kulturan, emozioek ez dute lekurik izan eta “gogorrak” agertu behar ginen beti.

Espero dut pixkanaka jende gehiago dinamika aldatzen joatea, heriotzari buruz hitz egiten normaltasun batera iristeraino.

Heriotza bizitzaren parte dela. Gakoa non dago? Gugan benetan barneratzen eta gure egunerokotasunean horren kontzientzia eramaten. Kontraesana badirudi arren, hala da: heriotza gero eta presenteago izan, bizitza ere presenteago izango dugu eta honi ahal dugun zuku guztia ateratzen ahalbidetuko digu.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*