Pasa den astean mugikorren erabilpena eta sare sozialen gaineko hitzaldia antolatu genuen MªLuz Guenagaren eskutik Orokieta Herri Eskolan.
Gai benetan interesgarriak eta kezkagarriak aipatu zirenak eta hausnarketara gonbidatzen zuten.
Identitate Digitalaren kontzeptuarekin eta bere garrantziaz aritu ginen. Kontziente al gara Sare Sozialetan gero eta gehiago gure bizitzaren intimitatearen eguneroko bat idazten eta margotzen ari garela eta horrek ekar ditzakeen ondorioetaz? Exhibizionismo garaian bizi garela argi dago; bakoitzaren ospea eta arrakasta “Like” kopuruen bitartez neurtzen dela badirudi.
Norbaitek esan dezake: “Bai, hala da, eta zer? Nik ez dut ezer ezkutatzeko eta gainera Sare Sozialak doakoak dira!”
Ezkutatzeko ez duzu ezer izango akaso, baina zuk era natural eta inuzente batean zintzilikatzen duen informazioa era askotan erabilia izan daiteke eta zure kontra joan etorkizunean, zure kontroletik at geratzen da eta.
Doakoak? Bai zera! MªLuzek esan zuen esaldia gogorra hona ekartzen dugu:
“Sare Sozialak ez dira doakoak, gu geu garelako produktua”
Eta gure seme-alabak? Kasu batzutan jaiotzen diren momentutik bere argazkia sarean zintzilikatzen dugu; eta hortik aurrera etengabeko eguneratzeak: urtebetetzetan, oporretan, lagunartean, familia-bazkaritan….
Zer nolako intimitatea izango dute haur horiek helduak direnean? Gure seme-alaben lege-tutoreak garenetik, ezinbestekoa da kontu hau arretaz zaintzea, bere intimitatea edozeinen eskura uzten ari gara eta.
Argi izan behar dugu denok, sarean zintzilikatzen duguna publikoa dela eta edonork hartu eta erabil dezakeela nahi duen bezala. “Belaunaldi analogikokoak” garenontzat adibide grafiko bat:
Herriko plazan zure argazki bat utziko al zenuke? Barkatu, ez bakarra, infinitu izango lirateke, plazatik pasatzen den edonork bat eraman ahalko luke eta. Pentsatzekoa.
Guzti honen harira, Unicef-en honako bideoa ikusteak merezi du (erderaz dago):