Harreman zuzena dago: haurraren jokabidea, sentitzen duenarekin bat dator. Haurra ondo sentitzen bada, lasai, gustora, ez da liskarretan sartuko, “ondo portatuko” da.
Eta gaizki sentitzen denean, nola lagun diezaiokegu hobeto sentitzen?
Oso erraz: bere sentimenduak onartzen!!!!
Zein da arazoa? Askotan, gurasook gure haurren sentimenduak ez ditugula onartzen:
– Aitaaaa!! Lurrera erori naiz eta belaunean min hartu dut! Hau minaaaaa!!!
– Beno, beno, hori ez da ezer, pasa da jada, ez daukazu minik, segi jolastera!
Eta helduoi egokitutako adibide bat ikusten badugu?
-Patxi, lur-jota nago. Lanetik bota naute gaur bertan, azalpenik eman gabe
-Jesus! ez zara lanik gabe geratzen den aurrena! Bizitza horrelakoa da. Ez da lur-jota egoteko modukoa, pentsa nire arrebagan, 2 urte daramatza langabezian! Hori bai dela lur-jota egoteko arrazoia!
Nola jasoko genuke halako erantzun bat?
Lana galdu duen pertsona horrek, bestearen enpatia behar du; entzungo dioen norbait, bere barruan sentitzen ari den min handi hori ulertuko duena eta hitz egiteko aukera emango diona. Orduan, lasaitzen joango da, duen nahasmendua txikiagotu egingo da eta bere sentimendu eta arazoei aurre egiteko hobeto egongo da.
Haurrekin berdin-berdin. Sarritan gertatzen zaiguna zera da: haurrek adierazten dituzten emozioek gugan zerbait pizten dute eta ukatu egiten ditugu. Halako pasadizo bat dugunean, geure buruei galdetu behar genioke, zerk mugitzen nau nere barruan, nire seme-alaba adierazten ari den sentimendu hori ukatzeko?
Haurrei etengabe sentitzen dutena ezeztatzen badiegu, amorratu egiten dira. Eta era berean, bere sentimenduak zeintzuk diren ez antzematera eramaten ditugu… eta beraiengan ez konfiantzera ere.
Era berean, sentimenduak onartu behar ditugun moduan, hauek eragin dezaketen ekintza batzuei mugak ezarri behar dizkiogu.
– Ikusten det oso haserre zaudela zure anaiarekin; baina hitzez adierazi egiozu, ezin dezu inolaz ere jo.